Krisiaren aitzakian eta denon hobe beharrez artazien desfilea abiarazi zuten aspaldi. Behin hasi, eta ezin geratu, artazien desfile militarraren adikto bihurtu dira. Artaziak ugaltzeko betebeharra hartu dute bandera. Eta azkenean, marra gorriak ere gainditu ditu artazi armadak.
Nabari da gabezi larri bat bizi izan zutela –traumaren bat seguru– modu anker horretan hezkuntza erasotzeko. Ezjakintasunak soilik justifika dezake basakeria. Dituzten curriculumekin, besteonak zuzentzen hasteko azala behar da gero!
Titulitisaren infekzioa pandemia bihurtzeraino erein dute, eta behin hezkuntzaren labirintoa eraikita, orain, gure lepotik aberastu nahi dute. Merkatuaren logikaren araberako hezkuntza, merkatua bera sostengatzeko. Baina azoka honetan, merkealdia kalitatearentzat besterik ez da opari: lehen bezain tonto aterako gara, baina denbora eta diru gehiago beharko dugu.
Hezkuntza legea, berriz, enkantean darabilte, erantzukizunari oporrak emanda. Lomcek wertigoa ematen du bai, baina zorabioaren sintoma besterik ez da. Sistema zentralizatuaren kateak apurtu eta legeak hezkuntza komunitatearen esku izatea lortu arte, batzuen kapritxoak guztion kaltea eragiten jarraituko du.
Hezitzaile, guraso eta ikasleok ezetz esan dugu dagoeneko, baina ezetz esatea ez da nahikoa. Gure azterketa nazional propioa pasarazteko ordua heldu da: guk-haiei.
Artaziak geureganatu ditzagun. Atzamarrak mozten hasteko garaia da.