Kirolaren aurka

Erabiltzailearen aurpegia Libe Mimenza Castillo 2013ko ira. 13a, 08:06

Ados, kirolak bizi-itxaropena luzatzen du. Kirolak, bizi-kalitatea hobetzen du. Baina, kirolak kutsatu ere egiten gaitu. Kirola hipermediatikoa eta monotematikoa da. Kirola ez da jokoa, kirola lehia da, lehia neurrigabea, oilar gerra matxista. Eta, batik bat, kirola kapitalismo basatia da

\"\"Ados, kirolak bizi-itxaropena luzatzen du. Kirolak, bizi-kalitatea hobetzen du. Baina, kirolak kutsatu ere egiten gaitu. Kirola hipermediatikoa eta monotematikoa da. Kirola ez da jokoa, kirola lehia da, lehia neurrigabea, oilar gerra matxista. Eta, batik bat, kirola kapitalismo basatia da.

 

Gainera, sermoia ezin da ekidin; predikatzailerik ez zaio falta han-hemen. Kafea hartzea ere kirola den herri honetan, kirol-kafea hartzen dugu. Eta esango nuke praktikatzean beste endorfina askatzen dituela batek baino gehiagok predikatzean.

 

Garai batean jokoaz mintzo ziren zaleak, gaur eta hemen, presioaz eta baita prezioaz ere. Noizbait kirolaria, bere gaitasunak, trebetasunak eta esfortzua ziren hizpide. Egun, garaipena eta errekorra. Eta tropelak espektakulua nahi du beti: bere doping-a, show narkotikoa.

 

Baina zirkua ez da olinpiadetako zerrendan ageri den kirola. Sistemak iada sakez irabazi du partida, dirua gorri dago, jakin badakitelako hasieratik urdinek irabaziko dutela norgehiagoka.

 

Eta zer ikusi, hura ikasi. Tantoz bizi gara joan den aspaldian, ez tentuz.

 

Diru publikoz bizi diren enpresa pribatuen jarraitzaile gara gu: zuri-gorri, txuri-urdin, laranja... Koloreek ere zatitzen dute herria.

 

Eta txarrena da baloiak jaurtitzen dizkigutela etengabe, golak binaka sartuta. Gu bitartean, oraindik ez gara ziabogara iritsi. Atezain on bat eta zapatilak beharko ditugu eskura edozein momentutan korrika irteteko. Ordua heltzean jakingo al dugu gorputza eta burua mugitzen?

 

Jake mate.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!