1. izond. Ezaguna eta agerikoa dena; jendaurrekoa.
Maite Iturbek, eitb.com atariko langileak, 20 direla dio, baina M4F enpresako —EITBk berak bere burua azpikontratatzeko sortutakoa— 60 langile greba mugagabean daude, gezurra publikoki salatzeko. EITBk aginduta, enplegu erregulazio espediente baten ondorioz, M4Fko 27 lagun kaleratuko dituzte, beste lauri erdira murriztuko zaie lanaldia, eta geratzen diren gainerakoei soldata %25era arte jaitsi, prekarioa zena duintasunik gabe lagaz.
2. izond. Herritar guztiei dagokiena, pribatua ez dena.
Batzuek ahaztuta dute herritar guztiona dena kudeatzea dagokiela. Eta ez eurena balitz bezala nahieran moldatzea. Erantzukizun handiko betebeharra da denona den hori zaintzea, eta erantzunkizuna ez da inondik inora ageri unean uneko bozgorailu politiko bihurtutako txiringitotan.
3. iz. Toki batean bildurik, ikusle edo entzule gisa batez ere, dagoen lagun multzoa.
EITBk dituen itoginak erabaki (in)kontzienteek eraginak dira. Eitb.com kolokan jartzea anputazio larria da. Etxe berria eraiki zenuten, baina bizilagunik gabe xahuketa justifika ezina dela ahaztu duzue. Publikoa ez da ikus- entzule soila, ez du zertan toki batean bildu, baina bilduta egiten du oihu. Langileak dira erantzunkizunez jokatzen ari diren bakarrak, txalotzeko moduko borrokan, jo eta ke. Zentsura eta eskubide urraketak publiko eginez. Greba mugagabean, langile guztiak bat eginda, egunez egun euren egoera entzunarazten. Zuena bai dela borroka eredua!