Hilotzak

Erabiltzailearen aurpegia Libe Mimenza Castillo 2013ko api. 12a, 08:43

Ez daukagu tiranoekin akabatzeko gogorik, ezta ausardiarik ere. Batzuek esango dute beldurrak itota gaudela, shock egoeran, eta horregatik ez daukagula pentsatzeko askatasunik.

\"\"Ez daukagu tiranoekin akabatzeko gogorik, ezta ausardiarik ere. Batzuek esango dute beldurrak jota gaudela, shock egoeran, eta horregatik ez daukagula pentsatzeko askatasunik.

 

Badago pentsatzeko askatasunik gabe, adierazteko askatasunak baliorik ez duela dioenik. Horixe zioen bat hil da asteon; begiak itxi dituen beste batek, aldiz, berunezko mundua sortu zuen eta askatasun ororentzat fundizioak eraiki. Hilotzak biak; prezio ezberdineko hilotzak.

 

Beste hilotz batzuk ez ditu inork titular bihurtzen, eta idatzi beharko liratekeen epitafio asko, berriz, ez dira idazten, hilda hobe leudekeen horiek hil ez direlako oraindik.

 

Hiltzeko lizentzia asko daude. Ez du berdin hiltzen goseak, Matxitxako parean itsaspetik atera duten gerrako obusak, finantza-presioak edo ero haizeak.

 

Dena den, zenbakiak ez ditu hego haizeak erotzen, itsuek ere argi dute ekuazioa: hautsez betetako sukalde asko dago inguruan, eta hauts horiek harrotzeko familia asko kalean.

 

Baina betikoentzako, arazoa ez da matematika, ez etxegabetzeen auzia, ez... Arazoa eskratxea da, 300 metrotara eutsi beharreko buruhaustea. Politikoen etxeetako tinbreak jotzea eskandalua da, gazteak borra kolpeka atxilotzen jarraitzea ez, noski; bizikidetza.

 

Eta espektakulu honen aurrean, zer egingo dugu?

a) Saiatuko gara sistema ustel honen suizidioa Privalian erosten.

b) Gure artilleria guztia kalera atera eta elkarrekin eraginda sistema ustel hau akabatzen ahaleginduko gara.

 

Saiatu ezean, erosi palomitak datorren asteko zirkurako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!