Internetera konektatzearren kristoren dirutza kobratzen digun telefono konpainia ezagun batek argitaratutako datuen arabera, honako hauek dira informazioaren jendeartearen zenbakiak: EAEko etxeen %67,6tan dago Interneterako konexioa, 16 eta 74 urte bitarteko herritarren %71 sartzen da egunero Internetera, eta 10etik 4 sare sozialetan dabiltza.
Gaur egun, gainera, ia ezinezkoa da konexioari izkin egitea, aldean daramatzagun mugikor adimenduek eskura jarri baitigute amua. Hankak etxean ahaztuta kalera irtetea bezain ezinezkoa da sakelakoa sukaldeko mahaian lagatzea, galdetu bestela nomofoboei! Eta zer esanik ez, dei galdu, whatsapp edo atsegin dut bila telefonoa egunean 34 aldiz baino gehiago begiratzen duten horietaz.
Apopilo sartu ziren adsl-a, sare sozialak, online erosketak edota enparauak gure etxetara; eta egun, bizilagun ditugu, ia maitale, ez baitakigu zer egingo genukeen haiek gabe. Errealitateari, errealitate birtuala gehitu diogu, errealitatea bera areagotuz. Baina elkarbizitzaren jolasa ahaztu zaigu beste behin.
Kontua ez da komunikatzeko era aldatu izana ona edo txarra den, edo dena klik batekin eskuragarri izatearen egokitasuna neur daitekeen, edo sare sozialetako kontaktuak gure kaleko lagunak baino gehiago asetzen gaituzten... Dozenaka artikulu idazteko gai izango ginateke adsl bakarrarekin.
Baina sikieran, darabiltzazun tresnen kontzientzia hartu eta gogoratu: sarean jartzen duzun oro publikoa da (publiko izateko arriskua dauka), noizbait zure aurka erabilia izan daiteke.