Bazkal ostean edo lagun artean gai asko izan ohi ditugu hizpide. Hala ere, badaude espazio publikoan askotan aipatu ere egiten ez diren gaiak eta espazio pribatuan ia hausnartzen ez ditugunak. Gai asko daude ezkutuan, gai asko dira ikusezin.
Gai ikusezinen presentzia hutsa, neketsua eta emozionalegia izango da agian azaleko mundu honetako bidaiariontzat.
Esaterako, heriotzaz hitz egin dezakegu, jazarpenaz, torturaz, antsietateaz, suizidioaz, zokoratzeaz, desberdintasunaz... Ez genuke gaiok gure inguru hurbila kolpatu arte itxaron behar. Gai hutsalak digestio arinekoak dira bai, baina kolpeak, autopistetako peajeak bezain ekidinezinak. Ikusezintasunaren heziketa sozializatu beharko genuke, mahai gainean dastatzekoak diren hausnarketa asko baititugu egiteke.
Has gaitezke lokaletik zein pertsonaletik eta globalera edota kolektibora salto egin, finean, hango eta hemengo gai ikusezinen gartzeletako barroteak hautsi eta plazara ekarri.
Ikusezintasunaren mugetan barneratzeko aukera daukagu datorren astean Durangaldean. Herriak, Elorrio eta Iurreta. Formatua, film sozialak. Abiapuntua, 2012ko Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdia. Eta gaiak askotarikoak: urteetan luzatutako gatazkak, iraultzen bizipenak, autismoa, itxurakeria, elkarbizitza, munduarekin harremanetan jartzeko modua, jasangarritasuna edota zoriontasuna.
Proposamen horiekin has dezakegu gai ikusezinen otordua, sarreran dastatzeko plater egokiak dira, konpainia onean askoz hobe. Hortik aurrera, osa dezala bakoitzak nahi duen menua. On egin!