Lingua Nabajorum

Erabiltzailearen aurpegia Libe Mimenza Castillo 2012ko eka. 15a, 10:00

Aspaldian autobusean nabil hara hona eta bidelagunen hainbat elkarrizketa entzuten ditut. Gehienetan ez nau kontatzen dutenak harritzen, hizkuntzak baizik

\"\"Aspaldian autobusean nabil hara hona eta bidelagunen hainbat elkarrizketa entzuten ditut. Gehienetan ez nau kontatzen dutenak harritzen, hizkuntzak baizik.

 

Borroka ugari bizitakoa da gure euskara, baina zauriak orbain bihurtzen ikasi dugu. Hala ere, ostikoka darraigu. Erabiltzen ez dugun aldiro odolustera kondenatuz.

 

Ezagutza ez da arrazoi. Gaur egungo umeek, ikasgeletan euskaraz ikasten dute mundua deitzen den honetan bizirauteko beharrezko dugun eromena. Baina ikasi beharra ez dute atsegin eta euskara behar horren parte da. Aisia ere erdaraz bustia daukagu inguruan, hezetasunak jota gaude. Dakigunok ez darabilgu.
Urteetan besteengan euskara kutsatzeko diskurtso asko eraiki ditugu. Besteak euskaraz aritzeko jarrera asko

 

probatu ditugu, baina batek ere ez du funtzionatu. Tolerante papera ez da duina eta interpelazioa, berriz, nekeza. Probatuko al dugu inposaketa?

 

Borroka daukagu euskaldunok genetikan. Historian zeharreko lubakietan garatu da euskara, guda bakoitzean eraldatu da gure hizkuntza. Borroka horien ondorioz sortu eta garatu denak bere bidea egiten jarraituko du, euskaldunok era batera edo bestera, elkarren aurka borrokatzen jarraituko dugulako; ez da espekulazioa, genetika kontua da. Teoria horretatik abiatuta osatu dute asteon estreinatu duten \'Lingua Nabajorum\' antzezlana. Ez Dok Hiru antzerki taldeko Patxo Telleria eta Mikel Martinezek, euskara eta Euskal Herriko historiari buruzko interpretazio txoro bat taularatu dute.

 

Eta nik ere burutazio txoro bat izan dut gaur autobusa geltokira iristean: ez dut berriz \'euskaraz bizi nahi dut\' errepikatuko; euskaraz biziko naiz eta punto. Bidean, umorea aukeratuko dut bidaide, ez dakienak eta ulertzen ez nauenak negar egin nahi badu... Hor konpon! Barre egiteko garaia da hau!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!