Erabakiak

Azken egunotan pilotazalea bi ekitaldi garrantzitsuri begira egon da; lau eta erdiko finala eta binakakoaren aurkezpena izan ditugu begiz jota.

 

Lehenak pozik utzi du pilotazalea. Gehiengoa bai behintzat. Ni neu lehia on bat ikusitakoaren sentsazioaz altxatu nintzen besaulkitik. Ezkurdiak, bikain jokatuta, Altuna faboritoa menderatzea merezita lortu zuenaren irudipenez. Gero, amezketarraren hitzek tristetu ninduten. Ez zuen seguruenik garailearen meritua gutxietsi nahiko, baina bere partidua ‘kaskartzat’ jotzea ez zait egokia iruditzen. “Erabaki oker batzuk” hartu zituela eta ez zegoela gustura zioen, are gehiago, inoiz baino okerrago sentitzen zela. Erabaki okerra arbizuarra eremu txikira eraman beharrean luzera jotzea izan zen, baina eginiko partidua ez zen hain eskasa izan. Hori bai, hartutako erabakia agian bai. Gaizki sentitzeari logikoa irizten diot final bat galdu ostean, baina hortik bere hitzetara…

Eta Altunaren erabaki okerretik binakakoari so jarrita, Asperen ‘erabakiak’ sortu duen nahigabera pasatuko gara, nahigabea bizkaitarrentzat. Jaka, Iribarria eta Danel Elezkanoren artean zeuden Altunari eta Ezkurdiari lagundu beharreko beste bi aurrelarien postuak, eta gipuzkoarren aldera egin du enpresa ‘gipuzkoarrak’. Bizkaitarra eta txapelduna kanpoan. “Kirol irizpideek” utzi dute Danel kanpoan. Hori Aspeko gidarien argudioa, baina hori ez da egia guztia nire aburuz.

Beste erabaki polemiko bat, Urruti atzera bidaltzean. Bere mesederako, kalterako, beharrizanez... Aretxabaleta eta Larunberi ateak itxiaz. Gustu guztietarako erabakiak, alegia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!