Arraia pasa

Umetatik pilota munduan murgilduta ibiliagatik beti dago zer ikasia. Euskal pilotak bere jokamolde ezberdinetan esaera edo esamolde asko ditu non aspaldian geure egin ditugun, esaterako, ñakua, besagaiña, gantxoa, bolea, txik-txak, txula, labur, luze-pasa…

Orain hiru urte nik neuk eta bizkaitar pilotari gazte talde batek Arraia pasa esamoldea ezagutu genuen Zubietako pilota plazan. Euskal pilota jokorik antzinakoena ezagutuaz batera (entzuna bai, baina sekula ez ikusi ez jokatua), bertan erabiltzen diren esamoldeak barneratu genituen. Bote luzea pilota jokoaren abenturan sartu ginen. Bizkaitar pilotari talde horrek ikusi, ikasi eta lehiatu egin du ordutik hona, eta emaitzak bikainak izan dira. Euskal Herriko txapelketan jokatutako bi urteetan txapela eskuratu dute Laudion eta Oiartzunen jokatutako finaletan. Horren aurretik, Itsasu, Donapaleu, Irurita edo Oiartzungo pilota plazatan beraien jokoa erakutsi dute.

Berrizko Berrizburu pilota plaza dute egoitza gure pilotariek. Aurtengo Euskal Herriko finala bertan jokatuko da, eguraldiak errespetatuz gero, urriaren 19an, eta bertan izatea dute helburu taldean konprometituta dauden denek. Orain artekoa bikain doa, ligatxoko bi partiduak irabazi eta finalaurrekoen zain baitaude. Partidu hori ere Berrizko pilotaleku irekian jokatuko da, irailaren 28an.

Talde jokoa da Bote luzea, plaza irekian jokatzen dena, eta frontoia joko eremu bakartzat ezagutzen dutenentzat, hala zen guretzat ere, ulerkaitza hasieran. Arraia pasa Berrizko Berrizburun entzun zenezake. Hurreratu eta gozatu!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!