Jada erreferente

Bost urte eta bost edizio. Horiek dira Zornotzako Lagun Onak pilota elkarteak daramatzanak Master Kaiolako abenturan. Apustu bat izan zen orduan eta gaur egun jada erreferente da Euskal Herriko pilotazale guztientzat. Amateur mailan behinik behin.

Urtero izen eta joko handiko pilotariek parte hartu dute Master Kaiolan. Txapeldunak, nola ez, denak onak. Aranguren eta Peio Etxebarria, adibidez, gaur egun profesional dabiltzanak. Dena den, emaitza bikainenak lortutakoa Lazkaoko Zubizarreta da. Aurreko lau edizioetatik hirutan finalean izan da eta euretako bitan txapeldun geratu da gainera. Aurten ere faborito zen, baina bere estreinakoan (final-laurdenetan) Zelaietan bertan orkatila bihurtu eta ezin jarraituz penaz egin dio aurten agur ‘kaiola’-ri.

Garaia partiduz jositakoa denez, izan dira hutsegite nabarmenak, bai (Salaberria, Canabal, Lerena, U. Alberdi, Oscoz,..), baina jokatu duten denek maila handia eman dute.

Lehiaketa zabala izatetik, iazko urtetik hasita lehiaketa kontzentratuagoa egitera jo da Zornotzako lehiaketan ere, beste toki askotan lez. Horrek, noski, aldekoak eta kontrakoak ditu, baina, nire ustez, formatu eta kopuruan asmatu egin dute. Pilotariak eta ikusleak gustura eta gogoz agertzen dira beti Zelaieta pilotalekuan.

Finalen atarian gaude eta aurkezpenean aipaturiko faborito nagusiak ez dira ageri finalisten zerrendan. Batzuk lesioen ondorioz, beste batzuk ezin izan direlako etorri, eta gazte mailan, adibidez, Gutierrezen eta Larrazabalen kasuan, parean tokatutako pilotariek ere maila ikaragarria dutela erakutsi dutelako. Pilota borobila dela!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!