Domekan pilotazale bizkaitar denok Bizkaia frontoira begira izango gara eta, seguru asko, bultzaka ere Mikelek pilota jo behar duen bakoitzean! Finala aztertzerakoan argi dago ez dela pronostiko errazekoa. Iker Irribarria kolpez gehiago da, baina zaratamoarrak badu argudio bat baino gehiago hori era egokian kudeatzeko eta aurreko koadroetara jokoa bideratu eta tantoak bukatzeko. Fisikoki biak oso indartsuak dira eta, nire ustez, mentalki egokien aritzen denak asko izango du irabazita.
Finaletan txapela irabazteak bakarrik balio izaten du, bai behintzat eguneko berotasun horretan. Dena den, hotzean ikusita, bertan egotea ez da gutxi, pilota munduko egun handiena baita. Mikel Urrutikoetxeari ohore hori inork ez dio kenduko. Animo, Mikel!
Afizionatu mailan ere asteburu interesagarria daukagu. Euskal Ligako trinkete txapelketan Abadiñoko Atxartek bi finalaurreko jokatuko ditu. Arabio-Aspuru binakako finala lortzekotan gaur bertan Tornosolon eta bihar Gipuzkoan Aspuruk eta Aranak, biak abadiñarrak, Banakakoa ziurtatua daukate. Zornotzako Lagun Onak-eko gazteek finala dute helburu. Animo hauei ere.
Bukatzeko, Bizkaiko Herriartekoan, Zornotza finalerdietara sailkatu daiteke asteburuan.