Danel Elezkano, Rezustarekin batera, txapeldun berria da binakakoan. Bejon dagiola, zorionak bene benetan! Oier Etxebarria eta Aitor Elordi ere bikain bigarren mailan, eurak ere txapeldun. Horiei ere zorionak, nola ez! Baina ez gaitzala argi printza horrek itsutu, zeren, barnean, Bizkaiko pilotaren osasuna ez baita ona.
Laster, berriz Danel Elezkanori berari eta gehiago agian Mikel Urrutikoetxeari begira egongo gara denok, buruz burukoa dator eta. Hala behar du gainera; ea beste lorpenik ere badatorren gurera. Baina, artean, gazteekin eta beheko mailetan egin behar da lan, eta hor erreparatu geroko izarrak lortzeko bidean. Eta ez esku pilotan bakarrik, baita palan, zesta-puntan edo nesken eskuzko zein palako jardunetan ere. Momentu honetan, bizkaitarron osasuna eskasa da. GRABNI txapelketan, federazioen arteko lehiaketa nagusian, bertokoen papera, oso makala. Txarra eskuzko ezker horman, berdin erremintan, eta hala moduzkoa zesta-puntan eta trinketean.
Non da akatsa? Zer da hobetu beharrekoa? Nondik hasi eta non bukatu beharko da eraldaketa? Horren guztiaren hausnarketa sakona behar du euskal pilotak. Egin beharreko lana, noski, gure izarren distira txalotzen dugun artean.