Hainbat interesgune

Profesional mailatik haratago, hainbat interesgune ditu pilota munduak, eta Aimar Olaizola-ren lesioa berbagai nagusi bada ere pilota korrilloetan, zutabe honetan hanka puntetan pasatuko dut gai hori. Egia da goizuetarraren baja garrantzitsua dela eta Baiko-ren aukerak asko gutxitu direla binakako nagusian, baina kirola horixe da, jokoa bai, baina zortea ere bai.

Gaur bertan hitzordu garrantzitsua izango dute trinkete zaleek Abadiñon. San Blas sariko finala jokatuko da eta ez dira bertan izango ez Gonzalez-Aspuru, ezta Ziarrusta-Ugarte ere. Bererik eman gabe finalaurrekoetan kale egin zuten pasa den barikuan, eta aurten iparraldekoak dira titulua eramateko hautagai. Monce-Garat dira bikote faboritoa, baina Iturberengan eta Arabiourrutiarengan bada esperantza Abadiñon.

Etxeko pilotariak partidu dotorea egin zuen finalaurrekoan, eta seguru halakoa egingo duela gaur ere. Bere gaitasun nabarmenena horixe da, pilotari erregularra eta fina dela. Bere gaitasunak zeintzuk diren badaki eta horiek probesten saiatzen da, gabeziak saihestuz.

Gazteagoko mailetara joanda, asteburu garrantzitsua da txikienentzat. Bizkaiko eskolarteko finalaurrekoen txanda da. Zaldibarren gaur eta Zornotzan, Arrigorriagan eta Sopelan bihar, gure lurraldeko ‘txikitxo’ nabarmenenek Iurretan hurrengo larunbatean (otsailaren 16an) izateko ahaleginak egingo dituzte. Elorrioko Hori-Hori, Durango, Iurretako Olaburu edo Zornotzako Lagun Onak ibiliko dira, besteak beste. Maila gorenera iristeko, beheko mailetan egin behar da lan, eta horretan dabiltzanentzat aupada bat hemendik. Pilotan gozatuz jarraitu dezatela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!