Kaiolan zein zabalean

Asteburuan denetariko pilota ekitaldiak daude ikusgai. Pilotari handienek lau t'erdikoari ekingo diote. Aurtengoan gainera ‘polemika‘-rekin dator urteko hiru lehiaketa handienetako lehena. Botileroak kentzea erabaki du LEPM erakundeak eta asko dira kontrako eritzidunak.

 Nik neuk ez dut txarto ikusten, baina emaniko arrazoiak ez ditut balekotzat jotzen. Enpresakoak eta aurkari direnean bai, eta bestela ez? Ez da bidezkoa. Jokoari dagokionez, pilotariak ‘berea’ duen gaitasuna izango du soilik baliagarri eta hori bidezkotzat jotzen dut. Hori horrela, Mikel Urrutikoetxeari eta Danel Elezkanori aupada bat!

Bizkaitarrok, ordea, badugu beste zita garrantzitsu bat, zelai zabalean jokatu eta ‘burrundara’ handi barik jokatuko dena. Bote Luzeko Euskal Herriko finala jokatuko da. Bizkaitar ordezkariek Oiartzunen bigarren txapela lortu nahi dute beren bigarren partaidetzan. Joan zen astean sailkatu ziren finalerako. Ondo hartu diote neurria euskal pilota joko antzinakoenari. Taldekoak dira Arabiourrutia eta Amantegi abadiñarrak. Animo! Gipuzkoarrak izango dituzte aurkari. Irabaztea dute helburu, baina finalean egoteak jada eman dio bizkaitar taldeari azaroaren bukaeran Benidorm-en jokatuko de Europako Champions de Llargues lehiaketan izateko baimena.

Eta pilotazale orok zapatuan euskal pilotak sekula eman duen pilotari handienetako bati agur esango dio. Zuetako askorentzat ezezaguna izan arren, Koteto Ezkurra erremontistak erretiroa hartuko du Galarretan. Merezitako omenaldia jasoko du nafarrak! Bejondeiola!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!