Dena den, txapelketa aztertu orduko, anekdotatxo baten harira jardun nahi dut. Aurreko egun batean Banakakoa, Manomanista edo ‘manimanoaz’ berbetan aritu ginen lagun talde bat, eta askok ‘manimanoa’ esatean berba hori balekotzat ezin daitekeela hartu zioten, ea non entzun nuen nik hori, erdarakada hutsa zela. Hala al da? Balekoa da? Gure aurreragoko pilotazaleak zelan aritzen dira era modernoko ‘Banakakoaz’ berba egin nahi dutenean? Nire iritziz, ‘manimanoaz’.
Gai hori alde batera utzi eta lehiaketan murgilduta, Elezkano II.a aitatu behar. Binakako final eskasa ahaztua ez, baina pasatua du jada zaratamoarrak. Arteagaren erraztasunak probestuz, baina bere lana ondo burutuz egin zuen aurrera Katedralean. Astelehenean aurkari sendoagoa du aurrez aurre: Artola. Fin dago alegiarra eta ‘etxean’ jokatzen du, baina ‘gure pilotariak’, ezer galtzeko barik, baditu aukerak. Animo!
Danelek berarengan konfiantza osoa eduki behar dela argi utzi digun arren, Banakakoan esperantza handienak beste zaratamoarrak pizten dizkigu denoi. Mikel Urrutikoetxea taldeburu da eta maiatzaren 1ean egingo du debuta, Atano III.ean. Topera prestatuko du lehiaketa, seguru, eta ea denok gustura uzten gaituen.
Afizionatuetan ere badute gure pilotariek helburu garrantzitsurik; hala nola GRAVNI txapelketa. Finalerdietara begira dira, artean Aspuru abadiñarra, eskuz banaka trinketean.