Asebetetzea helburu

Pilota munduan jokamolde eta maila asko dago, profesional mailatik eskolartekora edo, hobe esan, eskolartekotik profesionaletara. Denetan txapelketek gainezka egiten digute eta zeri jarraitu ere ez dakigula aritzen gara ‘mundutxo’ honetan murgilduta gagozanok. Hala eta guztiz ere, tamalez, ‘kaleko pilotazaleak’ jarraipena eskuz binakako txapelketa profesionalari (EPEL) bakarrik egiteko aukera duela ikusita, berorri erreparatuko diot gaurkoan.

Azken fasean sartua da binakakoa. Bi hilabete luzez sailkapen ligatxoa jokatu da eta erdipurdiko fasea izan denaren sentsazioa daukat. Aldaketa asko eta joko gutxi. Pilotari batzuk nabarmendu litezke, bai, baina liga, oro har hartuta, ez dut uste inor asetu duenik. Orain, lau bikote onenek finala lehenik eta txapela hurrengo dute helburu. Elezkano-Rezusta, Altuna III-Martija, Olaizola II-Imaz eta Ezkurdia-Zabaleta dira hautagai. Altuna eta Aimar, Urrutikoetxearen baimenarekin, momentuko aurrelari onenak, tarteko dira. Momentuko atzelari handiena ere bertan da, Beñat Rezusta. Lehiaketan beraiengan konfiantza jarri izanari erantzun bikaina eman dioten bi pilotari ere azken fasean dira, Elezkano eta Martija. Imaz, txukun, beste barik. Eta bikote nafarra, buff! nola definitu... Onenaren eta txarrenaren isla izan daitezke bai Ezkurdia bai Zabaleta.

Finalaurrekoetako ligatxoan edozer gertatu daiteke, baina pilotazalea asebetetzea da behinena. Lortuko ote dute hori hiru bikote erregularrenek eta Ezkurdia-Zabaleta bikoak? Beharko da, finaleko 140€ ordaintzeko gogoa pizteko!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!