Titular zein ordezko

Profesional mailako Binakakoak bere lehen erdia pasatu dau jada. Hori esanda eta ‘gure’ pilotarien balorazioa egiten hasita, pozik egon beharra daukagula uste dut. Titular zein ordezko gisa jokatu duten edo jokatzen ari diren denek ‘bikain’  bat merezi dute.

Denen artetik, Urrutikoetxea goraipatu behar da beste behin. Zaratamoarra gaur egungo pilotarien artean sendoena delakoan nago, pilotari osoena. Berarekin jokatzea garantia bat da eta aurrelari izanda ere sekula ezkutatzen ez dena. Pilota astintzen, tantoa bukatzen eta defentsan bikain.

Bere herrikide Danel Elezkano ere oso fin dabil. Egia da atzean momentuko ‘bizkartzain’ onena daukala, baina koadro bizietan bere lana oso ondo betetzen ari da. Beste titularra, Mikel Larunbe, sailkapenari begira ez dago besteak lez buruan, baina joko oso ona erakutsi du partidu guztietan. Bikotean makaltxoago dabilena Oinatz Bengoetxea da, baina egingo du gora, seguru.

Eta ordezkoak, Andoni Aretxabaleta eta Ibai Zabala, bere aukera probesteko gai izan dira. Pena markinarrarena, lehen mailan konfiantza hartzeko partiduak egin ostean lesionatu baita. Berriz zerotik hasi behar! Horrek berriztarrari bidea zabaldu dio eta, momentuz, bikain erantzun du Ibaik. Noiz arte?

Azken galdera horrek, hain zuzen, badu bere izateko arrazoia. Asegarcek Ladis jarri zuen titular. Lesioen ostean, ondo dagoen jakiteko programatu dute asteon. Partidu bikaina egiten badu, berriro sartuko dute txapelketan? Errendimendu txarragatik Victor ‘titularra’ kendu duten moduan, errekuperatuta badago sartuko ote dute ‘titularra’?

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!