Zer ikusia, zer gozatua

Bat baino gehiago izango gara oraindik Mikel Urrutikoetxeak aurreko igandeko  4 1/2 ko finala galdu izanagatik penatuta gaudenak. Dena den, ‘kaiola’-ko finala galtzeak ez du zaratamoarra pilotari eskasagoa egin, ez eta irabazi bazuen, txapeldunago egingo. Mikel Urrutikoetxea pilota profesionalean erreferente bihurtu da eta hala izango da, seguruenik, hurrengo hamarkadan.

Lau eta erdia jada iragana da eta esku pilota munduan jada badugu zer ikusia, zeri jarraitua eta zertaz gozatua. Ez dago atzera begiratu beharrik. Urrutikoetxeak berak ere ez du egingo, beste lehiaketa bat baitu jadanik helburu. Eta bere ‘kategoria’ dela eta, normaltzat hartu behar da Mikel eta Ladis bikote lez jartzea binakakoan. Hain zuzen, azken urteetako bikote igualtsuenak egin dituzten honetan. Halere, ikustear  dago nafarrak maila gorenean maila ematerik baduen. Beste bi bizkaitarrek, horrenbesteko ‘caché’ gabe, kide onenetakoak izango dituzte, Larunbek Oinatz eta Elezkano II-ak Rezusta.

Amateur mailan lehiaketa asko daude jokoan, baina zutabe honetan Mundiala eta Euskal Selekzioa aipatu behar ditut. Bai, ondo irakurri duzue. Euskal selekzioa Kolonbian da CIJB erakundeak antolatutako Joku Zuzenen IX.Munduko Txapelketan. Larunbatean abiatu ziren pilotariak bertara eta maila ona ematen ari dira hainbat jokalmodetan. Euskal selekzioan bost bizkaitar, eta artean bi berto-bertokoak; Amaia Araiztegi (Mallabia) eta Egoitz Amantegi (Abadiño). Animo denei!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!