Gure pilotari profesionalak forman daude eta hori nabarmendu da Lekeition. Urrutikoetxea izan da beste behin nabarmenena, baina beste biek ere oso maila ona eman dute. Mikelek beste konpromiso handi bat du Logroñon, Irribarriarekin bikote, baina orain arteko bere lanak bikainak izan dira. Horrez gain, poztekoa baita ere Aretxabaleta berriz kantxan ikustea, Ibai Zabala irribarrez eta motibazioz beste ebakuntza baten ostean, Elordi maila onean aritzea,….
Dena den, udazkenerako bide honetan pilotari bizkaitar amateurrak ere aipatu nahi ditut, Durangaldekoak asko. ‘Desafio’ berezi bat dute bihar bertan hasita. Lehen aldiz bote luzea jokamoldean lehiatuko dira. Euskal pilotako joko zuzen antzinakoena berreskuratzekotan ari da euskal federazioa eta Euskal Herriko txapelketaren II. edizioa jarri du abian. Euskadiko txapela dute helburu.
Bizkaiko ezker hormako txapelketa ere asteburuan hasiko da, eta, laster, banakako Baque txapelketa ere (ia osorik Iurretan), eta bertan Durangaldeko pilotari ugari. Denei zorterik onena denboraldi hasiera honetan.