Hilabete garrantzitsua

Udaberriranzko garaia beti izan ohi da garrantzitsua profesional mailako pilotarientzat, baita amateur mailakoentzat ere.

Maila gorenean Binakako txapelketaren amaiera eta manomanista nagusiaren hasiera jokatzen da, eta bertan, azken aspaldian, zorionez bizkaitarren presentzia nabarmendu egin dela esan daiteke. Orain pare bat urte Berasaluze IIa-ren ibilia jarraitzen genbiltzan, iaz Urrutikoetxearena eta aurten bizkaitar bi jarraitu beharrean gagoz finalerdietako ligatxoan; Larunbe eta Elezkano II.

Bigarren jardunaldia jokatuko dute asteburuan eta atzelariarentzat aurrelariarentzat baino aukera gehiago aurreikusten badira ere, biek finalerako borrokan jarraitzen dute eta aukerak benetakoak dira. Maila oso ona ematen ari dira biak titular gisa, beraientzat lehen urtea denean gainera. Berto-bertokoak ez dira, baina Durangaldean entrenatzen hainbat ordu egin dituzte eta ‘geuretzat’ ere hartu genitzake. Gazteak eta oraindik proiekzio handikoak izaki, urte askoan iraun dezala bertan bizkaitarren presentziak.

Hurrengo hiru asteetan aipatutako bien jarraipena egin behar badugu, Urrutikoetxearen txanda hilabetean hasiko da. Jada MANOMANISTA berreskuratzeko lanak hasita izango ditu zaratamoarrak. Animo hiruroi!

Eta amateur mailan GRAVNI-a martxan da dagoeneko. Federazioen arteko lehiaketa non Bizkaiko selekzioak itxura ona emateko helburua duen. Eta hor bai, Durangaldeko bat behintzat nabarmendu behar, Aspuru abadiñarra. Trinketeko banakako nagusia berritu nahi du. Bere ibilibidea oker hasi du larunbatean Errioxa-ko Garatea-ren kontra galduz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!