Artistari, agur

Bukatu da. Orain ia 20 urte hasitako artistaren ibilbideak zapatuan izan zuen amaiera Bizkaia frontoian. Jende asko joan zen Bilbora, eta Berasaluze II-a azken aldiz zuriz ikustera bertaratutako orok momentu hunkigarriak bizi izan zituen.

Asko jaso zuen eta du berriztarrak zalegoaren eskutik, baina horrela izateko arrazoiak emanak izango ditu, zalegoa subiranoa baita. Emanikoa ‘artista’ handienen parekoa izan da. Dohain fisiko ikaragarririk bakoa, baina sena eta ‘berezkoa’ ume umetatik izandakoa da berriztarra. Pilotazaleak gozatu eta sufritu egin du berarekin, horrek asko lotu ditu ikuslea eta protagonista. Hortik datoz hainbat tokitan egindako agur beroak. Uda benetan zoratzekoa izan du, nekagarria, baina, aldi berean, pozgarria.

Dena den, denari buelta eman beharra dago, eta ez du ‘lanbide’ eskasa topatu berriztarrak bere pilotarako grina asetu eta ‘monoa’ baretzeko. Asegarcen jarraituko du, eta izango du zeregina, bai intendentzian, bai teknikari lanetan, bai beste edozertan. Kantxan izaniko abilezien erdia baldin badu, ‘fitxajea’ bikaina izango da.

Halere, nik atzera begiratu eta pena handia hartzen dut. Txapelak lortzeko pilotaria ere izan baita Berasaluze II, askoz handiagoa izatekoa, alegia. Azken 6-7 urteak ikaragarriak izan dira, pilotari moduan berpiztu egin da, baina bere urterik onenak ‘galdu’ egin zituen. Berarentzat eta baita pilotaz gozatzen dugunontzat ere, gabezia nabarmena. Aurrerantzerako, zorterik onena!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!