Gazi-gozoa

Denboraldia amaitu dela-eta, garaiok beti izaten dira balorazioak egitekoak. Berez pilotak ez du denboraldi bukaerarik, udan neguan baino gehiago jokatzen baita kasik.


Halere, atzera begiradatxoa botata, nire aburuz, denboraldia gazi-gozoa izan da aurten gure inguruko izarrentzat. Gozoa maila ona, oso ona eman dutelako, bai; baina gazia lorpen garrantzitsurik lortu ez dutelako.

Pablito, Ibai Zabala eta Andoni Aretxabaleta pilotariez ari naiz, noski. Lehenak lesiotik sendatu dela erakutsi du, bai, baina zalantza bat ere nabarmen geratu da bere ibileraren ostean: berreskuratuko ote du orain urtebeteko jokorik berriz? Ibai Zabalak, berriz, denboraldi oso ona egin du, baina errematea falta, Beotibarkoa. Eta markinarra bikain, baina bera ere bukatu ezinda.

Amateurren lana ere aipatu gura dut. Bihar bertan, Elorrion, Markinak iaz lortu ez zuen herriarteko txapelketa eskuratu nahi baitu, etxekoek, ostera, podiuma zapaldu, Itsaso Pradera mallabitarra Euskal Herriko txapeldun geratu da, gure trinketlariak (Uriarte, Antxia, Gonzalez, Aspuru...) jokamoldeko maila gorenean aritu dira, eta titulu ugari pilatu dituzte (Bizkaiko txapelak, Euskal Herriko liga, GRAVN...).


Eskerrak eman nahi dizkiot ANBOTOri nire idazteko grinari tartetxoa eskaintzeagatik! Udaz disfrutatu!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!