Bidea eginez

Aipatuko ditudanak oso ezezagunak, arrotzak suertatuko zaizkio askori, ez baita telebista, irrati eta egunkarietako pilota jarraitzailea baino izango. Hori horrela bada, ezagutuko ditu Aimar, Irujo, Berasaluze II… eta beraiek jokatzen duten jokamoldea, euskal pilotaren jokamolde izarra, alegia: ezker horma. Pala eta zesta-punta jokoak ere ezagunak egingo zaizkio, baina trinketea oso arrotza egingo zaio, ez baitu ezagutuko apenas.


Pilota pixka bat barruragotik ezagutzen duenarentzat, ordea, trinkete jokoa ez da arrotza izango, ez horrenbeste behintzat. Iparraldean maila gorena duen euskal pilotak azken urteetan bidea egin du Bizkaian, batik bat Abadiñoko Tornosolo trinketea egoitza nagusitzat hartuta.

Hori esanda, aipatzekoa da bertako pilotari zenbaitek (Gonzalez, Uriarte, Antxia…) Bidasoaz bestaldeko pilotari handienekin batera lehiatzeko bidea egina dutela. Eta horien atzetik dabiltzanek bidea egiteko bitartekoak jarrita daudela ikusteko aukera daukatela ere bai. Eta txikienentzat ere ezker hormaz aparte beste bide bat egiteko aukera ere badagoela. Alegia, pilotan murgildu nahi duenarentzat biderik badela, eta ez bakarra. Apurka bidea egiten gabiltza, hain gustuko dugun kirolean ate berriak zabalduz, bide berriak eraikiz...

Horren lekuko da asteon jokoan den eta asteburu honetan jokatuko den San Trokaz Txapelketa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!