Hala esan du berak, gainera, aurtengo txapelketan final asko jokatu izan dituztela jada. Hau, printzipioz, azkena da.
Partidu gaitza dute Pablitok eta bere kide Albisu ataundarrak. Momentuan forma onenean aurkitzen den bikotearen (bikotea bere osotasunean) aurka jokatu beharra dauka berriztarrak (Xala-Zubieta), eta irabaztea nahitaezko du. Horrez gain, biharkora begira geratu behar.
Guztia aurrez lanak ondo egin ez izanaren ondorio, berriztarra ez baitago puntuan. Aukerak hor daude, baina oso murritzak dira. Nire aburuz, penaz diot, aurten Aretxabaleta izango dugu bizkaitarron ordezkari bakarra finalaurrekoetan. Ez beste inor. Titín III-Merino ikusten ditut laugarren bikote lez, beraien grina eta irabazteko goseak pentsarazten dit hori. Ea erratzen naizen.
Bukatzeko, aipatu nahi dut beste berriztar batek ere poza ekarri duela Paristik Durangaldera. Mikel Gonzalezek, Antxia abadiñarra lagun duela, bertako nazioarteko trinkete titulua bereganatu du, Tellier-Benesse frantziarrak menderatuta. Ezker horman bakarrik ez, askorentzat ezezaguna izango den trinketeak ere baditu goi mailako pilotariak Durangaldean.