Ibai Zabala pilotari berriztarrari buruz ari naiz, noski. Iaz titular izan zen, maila handian jokatu zuen gainera, eta aurten hasieratik sartu ez arren, jada barruan da. Jokatutako hiru partiduak irabazita ditu gainera, eta Oinatz Bengoetxea lagun duela zeresana emango duelakoan nago.
Asegarcek aukeraketan hanka sartu zuela esan liteke. Aurreko urtean erakutsitako maila kontuan izan, eta berriztarraren izaera eta jokabidea ikusita, nahiz eta puntuan hasi ez, lesio batetik irtenberri zelako, izan zezaketen konfiantzarik enpresariek, baina…
Dabilenari gertatzen zaizkio horrelakoak; badakit horretaz zerbait, hautatzea sarri tokatu baitzait, baina Ladis Galarza txapelketan ikustea pilotazale orok harriduraz hartu zuen. Erabaki hori hartu zuenak bakarrik sinesten zuen horretan, baina kantxak, beste behin, arrazoia kendu dio, eta berriztarra bere tokian da.
Ez dut ezer nafarraren aurka, baina ez da lehen mailako pilotaria, ez momentuz. Zabala ez da atzelari handi horietakoa, baina bigarren itzuli hobea opatuko dio Bengoetxeari. Langileak dira, eta galtza bete lan eginaraziko diete aurkariei. Kanpoan zegoen pilotari batek bizia eman dio aukera bakotzat jotzen genuen bikote bati, eta finalaurrekoetan izateko egingo dute borroka. Animo!