Bide berriak

Ezker hormara begira gaude denok, asteburua oso interesgarri dator eta. Esku pilotako izar nagusiak diren Irujo eta Olaizola II.a, Bengoetxea VI.a eta Saralegi tarteko, kaiolan ikusiko ditugu

\"\"Ezker hormara begira gaude denok, asteburua oso interesgarri dator eta. Esku pilotako izar nagusiak diren Irujo eta Olaizola II.a, Bengoetxea VI.a eta Saralegi tarteko, kaiolan ikusiko ditugu.

 

Dena dela, euskal pilotan bada beste biderik, eta bertako pilotariak badira lerro hori hartutakoak. Trinketeaz ari naz. Askok gutxietsi egiten duten arren, Bizkaian indarra hartu duen modalitatea da, Abadiñoko Tornosolo izanik denen habia.

 

Eta Rober Uriarte, Mikel Gonzalez edo Ander Antxia lau hormen barruan izar kontsideratu genitzake. Hego Euskal Herrian bai, behintzat. Eta Ipar Euskal Herrian ere bertako pilotari handienekin jokatutakoak dira, eta, bertan, Tornosolon, Bidasoaz bestaldekoei irabazitakoak ere bai. Adibidez, bukatu berri den Tornosolo Kopa Uriartek irabazi du Paxcal Ezcurra garaituta. Berdin egin zuen Mikel Gonzalezek aurreko urtean.

 

Hala ere, garrantzitsuena ez da izar bat edo bi izatea, pilotari asko eta askori bide berri bat zabaltzea baizik, eta hori egina dago. Orain hamarkada bat ezagutu ere egiten ez zen euskal pilotako modalitate dotorean gaur egun denek desio dute jokatzea. Izarrak, gazteak, umeak…

 

Lehen lerroetako gaira bueltatuta, ni bustitzen naizenetakoa izanda, Aimar eta Juan ikusten ditut finalean. Gehienek Aimar ziurtzat joko dute, Juan ez ordea. Oinatzek gehiago jokatu du ligaxkan, baina izarrak bere unea agertu beharra dauka. Esan baita Saralegiren lehiaketari chapeau eman beharra dagoela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!