Bihar, zapatua, binakako beste final bat jokatuko da Bizkaia frontoian. Enpresek hala hitzartu, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesean, lehiaketa ofizialen artean betegarri lez sortutako esperimentuaren azkena, 5 t’erdiko torneoa.
Orain artekoan pilotazaleak ez dio inolako jaramonik egin torneoari, garrantzirik ematen ez zaion seinale. Izarrik handienak batu dituzte Miribillako egoitza erraldoian, baina lortutako emaitza oso eskasa izan da.
Hala eta guztiz ere, biharkoan sarrera ona lortuko den susmoa dago. Lehiaketaren egitura berak hori ziurtatu gura izan zuen gainera, binakako azken final nagusian lesionatu zen Pablo Berasaluze bertan izango zela ziurtatu zutelako. Bizkaitarren pilotari miretsiena finalean izango da, horrek dituen konnotazio guztiekin, gainera. Abel Barriolarekin batera Aimar Olaizola eta David Merinoren kontra jokatuko du berriztarrak, eta finalak berak pizten duen ikusminak baino gehiago, aurrekariek egingo dute pilotazalea Bizkaia frontoira hurreratzea.
Beste final bat jokatuko du Berasaluze II.ak, eta jendearen berotasuna nabarituko du, seguru, nahiz eta, partiduaren zaporea eta tentsioak ez duen inolaz ere orain sei hilabetekoaren antzik izango.
Eta guztia, 4 t’erdiko lehiaketa nagusia hasten den asteburu berean, zeinetan berriztarrak ezingo duen parte hartu.