Atzo zela dirudien arren, aspaldiko kontua da Berasaluze VIII.a lesionatu zeneko eguna. Ia-ia ordudanik, Durangaldeko pilotazalea umezurtz dabil profesional mailako partiduen jarraipena egiterakoan.
Gabezia areagotu egin da udako torneoei begira jartzean. Maila goreneko partiduetan Aimar, Oinatz, Irujo eta Xala aurrelariak bakarrik ikusteak gehienoi Pablito-ren irudia ekartzen izan digu gogora, bera hor izan beharreko pilotaria baitzen. Joko itzela emango zuen, gainera.
Ikuslearengana heltzeko sen berezia du berriztarrak, bai jokoz, bai izaeraz. Hori argi geratu zen baita pasa den astelehenean ere, Lekeitioko Santi Brouard pilotalekuan (bertan izan nintzen); Pablo, bere lagun Mikel Urrutikoetxearen finalaurrekoa ikustera hurreratu (bere hutsunea ‘nolabait’ betetzen duen zaratamoztarra), eta jendea bere egoeraz galdezka hurreratzen zitzaionean.
San Mateo torneoaren zain, eta San Antolin torneoa bukatuta, negu gogorra etorriko da, pilotazale denek Berasaluze VIII.a kantxan nahi dugu berriz. Hala ere, itxaron beharra dago oraindik. Berriztarra lanean ari da dagokion bide luze horretan, baina hilabete horietan guztietan entzundako galdera honakoa izan da pilotazaleen artean: aurreko mailarik hartuko ote du? Ea posible den, denok gozatuko baitugu bere jokuaz.