Ia astebete joan da Bizkaia frontoian pilotazale bizkaitar guztiok, baita ez direnak ere, di-da batean (zast,..) aspaldian izan dugun pena handiena jaso genduala. Denok dakizue zertaz ari naizen; ‘Pablito’ apurtu egin zen.
Oraindino, bere hurrekoenek, berak gehien, mina kendu ezinda jarraituko dute. Hainbatean, ezingo du mina sekula kendu, berriztarraren unerik gozoena zapuztu zuelako zorigaiztoko orpazurdaren hausturak.
Kirolak inork nahi ez dituen halako kontuak ditu, eta pasa den domekan, giro bikainenean jokatzen ari zen finalean, gutxien espero zena gertatu zen. Kantxan eta inguruetan zeuden final handia izateko osagaiak. Ondo hasi zen finala, bi atzelariak pilota astintzen eta aurrelariak ausardiaz aurreko jokoari uko egin barik. Halako egoeratan ematen du onena Pablok, baina… Ezin izan zuen txapelketa borobildu.
Eta orain, bide luzea eta latza; lehenik errehabilitazioa, eta ostean, jokoa hartzea, biak ere zailak. Halere, aurretik lortutakoak ere ez dizkio inork oparitu, eta daukan guztia jarriko du berriztarrak. Ea laster gozarazten digun kantxan. Animo Pablo!
Dena den, pilotak jarraitu beharra dauka, eta badu zoriondu beharrekorik ere. GRAVN txapelketako finalak jokatuko dira asteburuan Gasteizen, eta Antxia, M.Gonzalez eta R.Uriarte tarteko dira, faborito, gainera. Araiztegik ere finala jokatuko du nesken gomazko paletan, gazteetan. Ea denen artean giroa gozotzen laguntzen diguten.