Hamabost urte dira berriztarra profesional mailan daukagula, baina beste ia horrenbeste dira pilotari modura ezagutu nuela. Eta pilotari esaten dudanean, berbak duen esangura guztiarekin esan nahi dut. Oraindik gogoan daukat Pablito —askorentzat beti izango da hala— Berrizko pilotaleku zaharrean, frontiseko beheko txapara ia heldu ere egiten ez zenean, nolako jokoa kantxaratzen zuen.
Umetatik pilotan jokatzeko jakin beharreko dena jakin izan du. Barruan ikasitakoaz zein kanpoan (aldagelatan), ehundaka pilotari beteranori entzundakoaz egin da pilotari; lehen mailako pilotari. Une gogorrak pasa izan ditu, kirol alorrean zein arlo pertsonalean, baina aurre egin die denei, eta unerik gozoenak bizitzen dabil azkenaldi honetan.
Emaitzak hobeak edo eskasagoak izan, bere jokoa goraipatu beharrekoa da. Artista da Pablito, kirolaria baino gehiago pilotaria, ikuslearengana erraz heltzen den horietakoa. Seguruenik, bera den guztia pilotari zor dio berriztarrak, baina pilota ere zorretan dago berarekin. Erakustaldi gogoangarriak eman dizkigu, eta seguru emango dizkigula aurrerantzean ere, nahiz eta tamalez, gehiago emateko aukerak pasatzen utzi dituen. Binakako txapelketan aukera gutxi du. Kanpoan geratuz gero, udako torneoak begiz joko ditu, buruz burukoa ez baita berarentzat.