Egunotan ugari izan ditugu eta, pilotari dagokionez, pare bat hilabete behintzat iraungo dute aipaturiko zaparradek. Berriztarren ekinari buruz ari naiz. Urtearen hasierarekin batera, pozik hartu genuen bizkaitar guztiok, durangaldearrok are gehiago, Pablo Berasaluze eta Ibai Zabala lehen mailako binakakorako hautatuak izan zirela ikustea.
Hilabete igaro da eta bati zein besteari itzelak erortzen ari zaizkio. Ibai oso txukun dabil, baina eskuzko izar nagusienarekinjokatzeak, bera jartzen du aurkarien jomugan. Atzeko koadroak bilatzen dituzte arerio guztiek, eta ematen du txapelketa guztia berdina izango dela berarentzat; zaparradaz zaparrada. Eutsiko ote du? Nik neuk badut konfiantza berarengan, eta horri, Aimar-en jokoa gehituta, aurrefinalista izan beharko lukete. Zaparradei bikain aurre egin dienaren seinale izango da txapelerako borroka horretan bigarren fasean ikusten badugu. Bestelako kontuak bizitzen ari da ‘Pablito’. Bere gorena lau t’erdikoan lortu zuen eta orduko eguzki printzak zaparrada bihurtu dira orain berarentzat. Ez du orain bi hilabete zeukan bizitasunik, ezta argitasunik ere.
Logikotzat hartu liteke, beti topera egotea ez baita erraza, baina uneoro %100 eskatzen duen pilotazaleak ez dio barkatzen. Hortik datorzkio kritikak berriztar aurrelariari. Sumatzen denaren arabera, ibilbide zaila izango da berea ere. Lerro hauetatik aupa eta animoa biei!