Badago oraindik, gehiengoa dela esango nuke, pilota gizonezkoentzat bakarrik dela esaten eta sinesten duenik.
Are gehiago, pilota jokua (14 jokamolde batzen dituen gure kirol preziatua) ezker hormako esku pilotatzat soilik hartzen duenik ere. Ez dira hilabete asko Bizkaiko pilotaleku batean eta nesken pala partidu dotore baten ostean “barkatu baina hau ez da pilota” entzun behar izan nuenekoa. Trinketista, erreminta jokalaria,… eta nola ez, nesken pilota jokoa, pilotazalearen artean gutxietsi egiten da eskuzko pilotari izarrak bakarrik aintzakotzat hartuta. Denei errespetu bat zor zaielakoan nago.
Gero eta neska gehiago dira euskal lurralde guztian paletarekin ausartu direnak. Eta ez euskal lurretan bakarrik, baita nazioartean ere, lekuko pasa den astean Venezuelako hiruburuan (Caracas-eko euskal etxean) jokatutako lehiaketa. Bertan lau euskaldun eta zortzi atzerritar lehiatu dira; Argentina, Estatu Batuak, Australia eta Venezuela bertakoak gureekin nahasian. Egiari zor maila onena erakutsi dutenak ‘geureak’ izan dira baina oso maila interesgarria duten eta hobea izateko gogo eta aukera duten hainbat neska ezagutu ditugu; Irina Podversich eta Lis Garcia argentinarrak, Rosa Diaz eta Estibaliz Barreda Venezuelakoak… Azken horrek, gainera, txapela soineratu du Laura Saez gasteiztar bikain batekin, Leire Etxaniz, Itsaso Pradera eta Ane Isasmendirekin batera denak maila goreneko pilotariak.
Neskek pilota munduan, hemen zein atzerrian, toki bat merezi dute. Noski, ez esku pilota izarren adinakoa baina bai beraien tartea, merezi dutena. Eta guztia euren merituz lortzen ari dira, pilotarako konpromisoa erakutsita. Neskak ere pilotari!