Euskal Pilota kirol bakarra baina aldi berean anitza da. Jokamolde asko dira aitatutako bi hitzen barruan txertatuta daudenak nahiz eta gehienentzat guztien artetik bakarrak izan nolabaiteko zentzua, esku pilotak. Niri geroz eta gitxiago gustatzen jat ‘pilotazale’ gehienek eskuari bakarrik eskeintzen dioten errekonozimendua. Nahiz eta logikoa izan ‘saldutakoa’ hori baita, hainbat jokamolde, kirolari, ibilbide, aukera…, zokoratuta eta balio gabe uzten dira.
Horregatik, leihatila honetatik ustez bigarren mailako diren kirolari edo jokamolde horiei botako deutset begiradatxoa gainera, berton Durangaldean, hainbat direlako maila bikainean dabiltzanak. Nesken Gomazko Paletan mallabiar bi fin ari dira. Itsaso Pradera eta Amaia Araiztegi euskal palista onenekin batera nesken protagonismoa aldarrikatzen dabiltza. Trinketean beste horrenbeste esan liteke Rober Uriarte, Ander Antxia edo Mikel Gonzalezen kasuan, zeinak ezker hormako atea itxita teilatupean topatu duten lekua; hegoaldean jaun eta jabe, iparraldean bideak irekitzen hasi dira jada.
Pilota irlandarra ere aipatu gura neuke. Gure pilotari askori mundu zabalerako atea zabaldu diena eta asteburuan Euskadiko txapela soineratu ostean agian 2006an Edmonton-en lortutako munduko titulua berritzera joateko aukera eman diezaiokeena Egoitz Amantegi abadiñarrari. Danak aipatuta, ezin utzi alde batera ezker hormakoa eta Pablo Berasaluze. San Fermin torneoan artista, nahiz eta emaitzek lagundu ez. Benetan gozarazteko jokua du berriztarrak.