Gaurkoan aitatuko ditudanak irakurtzean batek baino gehiagok pentsatuko du burua galdu dudala edo pilotaren inguruan ezer gitxi dakidala. Agian arrazoia izango du hori pentsatzen duenak, baina nire iritzia botatzeko gogoz nago eta hor doa.
Pasa den igandean manomanista nagusiko lehen aurrefinala jokatu zan Eibarko Astelenan, eta gehienei partidu itzela izan zela entzun deutseet. Bada, ni ez nago batere ados afirmazio horregaz; niri ez jatan aurrefinala batere gustatu. Arrazoiak segidan. Erritmo biziko partidua izan zen. Idoate zein Irujok errekurtso asko zeukazeela argi geratu zen. Baina, burua? Jokua, behar zenean, lasaitzeko gaitasuna? Banakakoa guztiz eraldatu da jokuari jagokonez, lehen joku dena botera zen eta orain itxuraz pekatu da pilotak zoruan punpa egitea. Egia da errekurtso askoz gehiago jartzen direla agerian kantxan gaur egun, baina partidua irakurtzen ere jakin egin behar du txapeldun handi batek, hutsak ekiditen eta pilotakada mota bakoitza bere momentuan bilatzen. Aldrebeskeri asko ikusi nituen Eibarko Astelenan, baita aurreko beste lehia askotan ere. Beharrezkoa al da horrenbeste presa, arrisku…, hartzea?
Noski, eta honek ikusita, gazte mailatan asko dira horrelakoak egiten saiatzen direnak, oraindino akats gehiago izanaz eta aitaturikoen mailatik oso urrun izanda. Ikusiko dira halakoak gaur Mallabiko Biharko Izarretako finaletan, edo bihar Ezkurdin ere, Peter Oroitaldiko finaletan, edo Elgetako Lau ta Erdikoan,… Batzuek ausardiatzat hartuko dute, edozein kirolarirengan merituzkoa dena. Baina askoz garrantzitsuagoa da zuhurtzia. Azken honetaz baliatuz emaitzak normalean hobeak izango dira.