Sufrimenduz beteriko patera horiek ordea, lehorreratu egiten dira gutxi batzuetan eta horrela ematen diete hasiera errefuxiatuak bihurtzen direnek; bidean galdu dituzten kideak agurtzeko indarrik gabe eta amorruz beterik. Esperantza faltsuak miseria eta etsipena besterik ez du elikatzen ordea, eta errealitate berri batekin egiten dute topo. Egun batetik bestera ikusezin bihurtzen dira eta laguntza eskatzeko ere ez zaie indarrik gelditzen. Geroz eta ageriagokoa da egoera hau gure herrian, esaterako, horrela heldu ziren 6 gazte errefuxiatu Atxondora. Bizitzeko etxe baten faltan, lanik eta dirurik gabe eta noraezean galduta. Azken 4 urteetan ordea, Harrera Herriko kideen laguntzarekin batera Atxondoko aterpetxea izan dute bizileku. Denbora luzez beraz, gazte errefuxiatuen etxea bihurtu da aterpetxea eta beste proiektu batzuekin ere partekatu duta espazioa denbora guzti honetan zehar.
Saharako errefuxiatuen kanpamentuetatik heldutako haur eta gazteen egonaldi bihurtzen zen udan aterpetxea. Aurten ordea, haur eta gazte sahararrak adobezko desertu gordin horrerata bueltatu ondoren Atxondoko udalak ez zien errefuxiatuei aterpetxera bizitzera bueltatzeko aukerarik eskaini. Udalaren utzikeriaren aurrean aukera ezberdinak mahaigaineratu dituzten arren, aterpetxera bueltatzeko aukerarik gabe eta alternatiba baten beharrean jarraitzen dute gaur gaurkoz errefuxiatuek.
Neguan sartu gara dagoeneko ordea, eta graduek behera jarraitzen duten bitartean gazte hauen miseriak gora jarraitzen du etengabe. Beraien erabakia argia da "Ez gaude hemen nahi dugulako, inork ez du egoera honetan egon nahi. Udalak lau urtez babestu gaituen sabaia kendu digulako gaude hemen. Orain nora joan ez dugunez, kalera irten behar izan dugu. Guk ordea, argi daukagu etorkizunean etorriko den jendearen babesleku izateko proiektu bat eraikitzen jarraituko dugula, guretzat eraiki zuten bezala." Borroka honetan guztian beraz, jokoan dagoena gutxieneko eskubideak bermatzea da. Izan ere, Atxondoko udalak ateak parez pare itxi badizkie ere, errefuxiatuek badute egoeraren aurrean adostasun batera heltzeko borondatea.
Hala ere, guztiok egin dezakegu borroka hau erantzukizunez babesteko hautua. Egiteko honek gure egunerokotasuneko errealitatetik kanpo bezain gertu ditugun problematikak elkartasunez fintzea eta sakontzea eskatzen du. Horrela beraz, ezinbestekoa da egoera horri aurre egiteko bestelako aterabide eta politikak plazaratzea. Gure eskuetan ditugun tresnak baliatu behar ditugu posible den bizi eredu berriari ateak irekitzeko. Egoera horren aurrean geldi geratu eta errefuxiatu gazteek kale gorrian jarraitzea ezin da aterabide bat izan. Kontrara, egoera horretan alternatiba eraikitzaileak borrokatzea beharrezkoa da.