Omenaldi bat merezi dute. Gure inguruko jubilatuek rol berriak eurenganatzen ari dira, ez bakarrik arlo honetan. Gero eta pertsona nagusi gehiago ikusten da ume eta besteen zaintzan, lan altruistak egiten, mugimendu sozialetan militatzen… Gizartearen zutabeetako bat direla esango nuke, okertzeko beldur handirik gabe.
Jendarte honen “keriak” izango dira, baina kontziliaziorik ez da existitzen. Familia eta lana ez dago kontziliatzerik, bata edo bestearen artean aukeratu behar dugu. Egia da, bai, bi arloak ahalik eta hoberen kudeatzen saiatzen garela, baina kontziliazioaren ideia sistemak jarri digun mauka da. Kontziliatzeko ustezko abantaila batzuk eskaintzen dizkigute, baina pribilegio gisa hartzen dira, ez eskubide moduan.
Errealitatea da bizi garen sistema honetan produzitzeko adinean gaudenok sekulako presioak ditugula sistemaren errota lan produktiboarekin elikatzeko. Bizitzeko lan egin behar da, eta sozialki onartuak izateko ere bai. Bikote batean, familia zaintzeko lana utzi duen bikotekide bat nekez ezagutuko dugu, “rara avisen” bat egongo da, baina gehienetan errezeloz ikusia. Bada, eskerrak sistemaren “keriak” gainditzeko aitite eta amamen laguntza dugula. Bejondeiela!