Dena arautzeko, erregulatzeko, mugatzeko beharrizana duen jendartean bizi garela ematen du. Badirudi barkamenak ere ba omen duela eskema bat, estandar bat, paradigma landu bat. Hori da, hain zuzen, Durangon Memoriaren Plazaren ekimena ikusi dudanean pentsatu dudana. Baina, ohartu naiz, nire amak eta biok ez dugula Memoriaren Plazara jo behar izan sentipenez hitz egin eta gure barrenak lasaitzeko.
Barkamena elkarrizketa xumeetan ematen da, ez hausnarketa nazionaletan. Barkamena eguneroko keinu txikietan gertatzen da, barruan dugun sentimendu hori, apurka apurka, albo batetik bestera mugiarazten dugunean.
Non erre, non edan, nondik joan, nola bizi esaten didan horrek beste ahalegin bat egin du esparru hau ere arautzeko. Kasu honetan, Jaurlaritzak saiakera berezia egin du gu errekontziliatzeko, autokritika eta barkamenaren bitartez. Beharbada ez dio inork esan, baina susmoa dut gai honekin zuk eta nik ez dugula Jaurlaritzaren beharrik, gure artean jarriko baitizkiogulako erritmoak eta moduak gure buruari.