Ugaztunak

Erabiltzailearen aurpegia Julen Orbegozo 2015ko urr. 30a, 08:30

Begietatik hasi, beso eta hanketatik pasa, eta azken ile-matazaraino, izaki erabat originala ekarri dugu mundu honetara. Gure semea. Bihotz berri bat, amaren sabelean hazita, milaka miloi taupada egingo dituen bihotz berria.


Amaren bularrean asetzen du gosea, amaren paparrean bilatzen du babesa. Hotza duenean dar-dar, mina duenean negar. Ugaztuna da; laster, gure sistema eta testuinguruak, ugaztun soil bat dela ahaztuaraziko dion arren.

Bada, gure jendarteak ahaztu egin du animaliak garela, ugaztunak. Kontsumismoaren, kapitalismoaren eta postmodernitatearen keriak, beharbada. Eta erabat fisiologikoa, naturala eta primitiboa den erditze zein edoskitze prozesuan, temati ari gara teknologia eta ustezko zientzia modu bat aplikatu nahian. Emakumeen senari, euren gorputzei eta milaka urteko jakinduriari utzi beharrean, prozesua artifizial bihurtzen dugu, protokolo, produktu, makina eta abarrekin. Batzuetan bai, baina beti eta sistematikoki, ordea, ez da beharrezkoa halakorik.

Larria da, eguraldia bezain naturala den zerbait industrializatu nahi izatea. Eta are larriagoa muturreko medikalizazio hori, gizonen ikuspegia inposatzen duen sistema honek egin izana. Urteen indarrez egin duen lan mardula da. Patriarkatuaren, paternalismoaren keriak, baliteke.  

Orain 30 urte, Osasunaren Mundu Erakundeak ohartarazi zuen: emakumeek eskubidea duzue haurdunaldian eta erditze prozesuan hartutako erabakien erdigunean izateko. Izan konfiantza, beraz, zuen bihotz eta gorputzean; zuena izan behar da erabakia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!