Futbola

Erabiltzailearen aurpegia Julen Orbegozo 2014ko uzt. 18a, 08:35

Pertsona askorentzat pasioa eta emozioa da futbola. Pasioz eta emozioz bizi ditugu gure taldearen golak, porrotak eta derbiak. Emozioaren ondorioz, gure jokalariei eta klubeko agintariei edozer barkatzeko gai gara identitate kolektiboaren izenean, gure kamiseta edozeren gainetik baitago.


Futbola fedea da batzuen ustez, erlijioen antzera. Kristau onari gauza bera egitea eskatzen diote: ahaztu dezala eliza katolikoak urtetan esplotatzaileen alde jokatu duen papera; babestu ditzala gaur egun ere elizak dituen pribilegioak; sinetsi ditzala egin omen diren, baina ikusi ez dituen mirariak. Fede kontua da, finean.
Futbolzaleoi ere eskatzen digute ez ikusiarena egiteko Brasilgo arrakala sozialaren aurrean. Dirua inbertitu da batzuen emoziorako, eta ez zergak ordaintzen dituzten herritarren behar sozialak asetzeko.

Athleticzaleoi ere fedea izatea eskatzen digute. Zale onak izateko kezkaz bizi beharko genuke Muniainen kontratu luzapenaren prozesua. Diru publikoa jasotzen duten arren, klub gehienek ez dituzte jokalarien soldatak publiko egiten (susmagarria), baina esan daiteke Muniainek milioi bat euro baino gehiago kobratuko duela. Aldiz, fedea eskatzen digute proiektuan, ez ikusiarena egiteko San Mameseko obretan gertatzen den esplotazioaren aurrean: mila euro baino gutxiagoko soldatak, hamabi edo hamahiru orduko lanaldiak, eta hitzarmen kolektiborik ez izatea.

Hori guztia futbola da, bai. Baina beste Munduko Kopa bat eta beste futbol bat ere egin daiteke, emozioz, pasioz eta sentimenduz. Fedea dut horretan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!