Arkaitz Bellon gaztearen heriotzaren harira agerian geratu da Estatuaren espetxe politika krudela eta ankerra dela. Baina espetxe politika, kate herdoilduaren azkeneko katebegia da bakar-bakarrik. Espetxe politikaren gainetik zuzenbide errepresiboa dago, eta horren gainetik Espainiako politikagintza eta politikari ustelak. Hiru maila horien leit motiva zein den badakit:mendekua.
Aitortu behar dut: gorroto larregi sortu da gure inguruan, eta mendeku gosea ikaratzeko modukoa da. Baina gorrotoa eta mendeku gosea politikagintzaren muinean kokatzea arriskutsuegia da. Eta hori egiten dute. Hain zuzen ere, horregatik gaude gauden tokian: gorrotoa zainetan dutenek presionatzen dute Espainiako Gobernua, "mendekua da bide bakarra" maxima bere politikaren ardatzean kokatzeko. Mendekuaren Ministerioari zuku guztia atera arte jo eta ke jardungo direla dirudi. Madarikatuak.
Arkaitzen familia eta lagunei besarkadarik beroena bidali gura diet. Zenbat aldiz esango zenioten: "Eutsi, Arkaitz, laster gure artean izango zara-eta!". Espainiaren mendeku politikak zuen semea eta laguna eraman du; eta min hori ez dizue inork erreparatuko. Baina besteoi esaten dizuet: "Eutsi, lagun, sasi guztien gainetik…".