Roberto Bermejoren hitzaldi bat entzuten dudan bakoitzean, esaldi bera mamurtuz ateratzen naiz aretotik: hau bukatu da. Hiru hitz, komunikabide gehienetan azaltzen ez digutena azaltzeko. Alegia, urte hauetako festejo kontsumista bukatu da. Traumatikoa izan daiteke gizarte garaikidearentzat, baina lehenago edo geroago guztioi helduko zaizkigu errealitate horren zipriztinak. Bermejoren egia da.
Entzundakoen ildotik nik neure ekuazioa egiten dut: hazkunde mugagabea ezin da bizi betiko, mundua finitua baita. Lurra, gizakia, natura, finituak badira, lurra, gizakia eta naturaren esplotazioaz bizi den sistemak etorkizun mugatua du. Gaur, bihar edo etzi etorriko da amaiera, harik eta beranduago izan, harik eta traumatikoagoa izango da. Prestatu gaitezen etorkizunera begira. Gizartea aldatuko da, eta aldatuko da ere ekonomia elikatzen duen sistema.
Aldaketaren bidean, gure agintariei eskaera egingo nieke: aurreikuspen ekonomikoak epe luzera egitea. Horrekin ez dute berehalako botorik irabaziko, baina poztasuna eta betetasuna itzela izango da. Durangaldean duela 5 urte baino 4.200 langabetu gehiago badago, baliteke langile horien seme-alabak inoiz ez itzultzea fabriketara. Baliteke Durangaldeko etorkizun ekonomikoa, 30 urte barru, automoziotik eta fundizioetatik kanpo egotea. Eraldaketa, nekazaritzara, turismora eta zerbitzuetara begira egon daiteke, ekonomia kapitalista mugagabetik ekonomia jasangarriago batera aldatzeko. Egin beharreko galdera: zertara bideratuko ditu indarrak Durangaldeak? Hipotesiak dira; baina epe luzera begirako hipotesiak. Beharrezkoak.