Durangaldeko mistikoa

Erabiltzailearen aurpegia Julen Orbegozo 2012ko aza. 9a, 08:30

Mistikoegia naizela esango didazue, baina natural ateratzen zait: sabelean zizareak dantzan jartzen zaizkit Durangaldeko historiaren zenbait istorio entzuten ditudanean. Liluratu nauen azkena, Anbotok joan zen astean argitara eman zuena: Mañariako Askondoko koban Neanderthal sasoiko aztarnak topatu dituzte

\"\"Mistikoegia naizela esango didazue, baina natural ateratzen zait: sabelean zizareak dantzan jartzen zaizkit Durangaldeko historiaren zenbait istorio entzuten ditudanean. Liluratu nauen azkena, Anbotok joan zen astean argitara eman zuena: Mañariako Askondoko koban Neanderthal sasoiko aztarnak topatu dituzte.

 

Egia da Mañariak baduela erakargarritasun berezia historiaren istorio mistikoentzako. Eskualdearen muturrean mendiek egiten dute muga fisikoa. Inguru horietan, Durangaldeko leku txiki askotan moduan, gorde da historia zaharra. Euskal Herriko azken hartza ere bertan hil zen 1871an, Ezkillarri inguruan. Eta oraindik ez bada historikoa egin, laster egingo da, Mañariko harrobi alboko eraikin batean, ondare natural erraldoia zinez gordetzen zuen jaunaren legatua. Erakundeek ukatuta bizi izan da urte askoan, baina laster prestatuko omen du erakustoki berria.

 

Euskal Herriko azkeneko hartzaren hilketa; Mañariako ondare naturalaren museoa; Arginetako eta San Juan Momoitioko nekropoliak; Inkisizioaren Kurutziagako gurutzea; Saibigain mendiko bataila eta bere gurutzea; Iurretako baselizen ibilbidea, tartean, San Martin Amatzakoaren aberastasun historikoa (1027an aipatu omen zen lehenengo aldiz). Gure ondarearen eta aberastasunaren adibide batzuk baino ez dira, ondo ezagutzen ez ditugunak.

 

Horien eta beste askoren inguruan antolatu daiteke Durangaldea ezagutzeko eskaintza berria. Automozio fabrikek, fundizioek eta industriek hondoa jo badute, turismo ordenatua eta errespetuzkoa sustatu daiteke krisitik ateratzeko. Baina dugun ondarea aprobetxatzeko, eskualde ikuspegia izan behar dugu, turismo zerbitzuak ere eskualde ikuspegiarekin eskaintzeko. Ona dena eskualdearentzat, ona izango da herri bakoitzarentzat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!