Begirada bat

Erabiltzailearen aurpegia Julen Orbegozo 2012ko abu. 31a, 10:13

Abuztuko azken egun hauetan Donostiaraino bidaia egiten ari naiz goizero, EHUren Udako Ikastaroetan parte hartzeko. Euskotrenen bagoi batean sartzen naiz Ezkurdiko geltokian eta bi ordu beranduago Amarara heltzen naiz. Ez daukat goxo-goxo bidaiaz disfrutatzeko aukerarik, ezinezkoa izaten baita granate-koloreko plastiko gogorreko eserleku horietan lo-kuluxkarik egitea.

\"\"Abuztuko azken egun hauetan Donostiaraino bidaia egiten ari naiz goizero, EHUren Udako Ikastaroetan parte hartzeko. Euskotrenen bagoi batean sartzen naiz Ezkurdiko geltokian eta bi ordu beranduago Amarara heltzen naiz. Ez daukat goxo-goxo bidaiaz disfrutatzeko aukerarik, ezinezkoa izaten baita granate-koloreko plastiko gogorreko eserleku horietan lo-kuluxkarik egitea.

 

Aitzitik, bidaia kalbarioa izaten da, ipurdia minduta eta aharrausi batean heltzen bainaiz goizean Donostiara, eta Durangora bueltan, arratsaldeko lehenengo orduan. Gezurra badirudi ere, XXI. mendeak ez digu, Euskotreni dagokionean, aldaketarik ekarri Donostiara joan gura dugun durangarrei. Aldaketa bakarra txartelaren prezioarena izan da. Azpiegitura berbera daukagu: geltokia berdina da, trenbidearen ibilbidea ez da laburtu, bagoiak ez dira berritu eta denbora ez da murriztu. Modernitate ukitua mende berriko bidaiariok ematen diogu.

 

Jada ez diogu albokoari irribarre egiten, geltokian ez diogu agur esaten eta ez ditugu leihotik animaliak begiratzen. Eguaztenean, egunak goibel argitu zuen eta bi ordu eman nituen sakeleko telefonoarekin dantzan eta egunkariaren orrietatik begirada altxatu gabe. Ez nintzen bakarra izan. Beste askok musika entzuten egin zuten bidaia eta baten batek ordenagailu txikiarekin. Komunikazio ikastarora heldu eta irakasleak hurrengoa bota zuen: gero eta gutxiago begiratzen diogu elkarri. Hausnarketa neurera ekarri nuen eta egia da. Jada ahaztu zaigu begirada batek duen komunikatzeko ahalmena. Eta egia da gero eta gutxiago begiratzen diegula alboan dugun pertsonaren begiei. Noiz izan da, bikoteari, amari, aitari edo lagun minari begietara bi segundo baino gehiago begiratzen geratu natzaion azken aldia? Alegia, alboan dugun guztia ahaztu, isilean geratu, burmuina hustu eta begiekin komunikatu. XXI. mendeko modernitateak ez digu lagunduko. Zaila egingo zait hori lortzea, baldin eta bi orduko tren bidaia batean sakelekotik begirada altxatzeko gai ere ez banaiz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!