“Eliza beti goikoekin eta bere opilari zirrika”.
Ez dot uste holakorik esan leitekenik aurre-eretxiek bultzatuta eta gutxiengo zehaztasuna alboratu gabe izan ezik.
Egia da, ez lerro batzuk bakarrik, liburuak idatzi leitekezala historian zehar hori jazo dala baieztatzeko. Baina beste horrenbeste eta askoz be gehiago idatzi leitekez behekoekin egon dala baieztatzeko. Borondate onez eta aurre-eretxi barik begiak zabaltzea baino ez dago.
Beti dago Eleiza edo beste edozein erakunde salatzeko arrazoia, euren kide batzuek edo besteek egiten dabena kontutan izan ezkero. Eta baita goratzeko edo ohoratzeko be, beste kide batzuek egiten dabena kontutan hartu ezkero.
Bidezkoa eta osasungarria da azterketa, kritika, eretxi emotea, salatzekoa dana salatzea… baina gauzak ondo zehaztuta eta bereiztuta.
Ez da bidezkoa orokortzea. Euskaldun batzuek hau edo bestea egin dabela-eta ezin leio ezarri hori Euskal Herriari, ez litzatekelako egia izango.
Edozeini buruz eretxi txarra agirian agertu eta argitaratu baino lehen, behin eta birritan pentsatu behar geunke ea eretxi hori non eta zertan oinarritua dagoan. Eta norberagaz erabiltzea gura geunken neurria erabili geuk be.
Eta oraindino argiagoa dana honako hau da: “beti” hitza jartzeak azterketa eta bereizketa sendoagoa eskatzen dauala, guzurra izan ez daiten.