Jakin? Sinistu? Sinistu ez?

Egia dala, uste dot, jakitunenak izaten dirala apalenak gehienetan. Ondo aztertuta eta zalantza barik frogatuta dagoanagaitik bakarrik esaten dabe “badakit” edo “badakigu”. Bestela, “badirudi”, “uste dot”… eta holakoak erabiliko dabez.

Baina gaur egun, aparteko jakitunak sortu jakuz. “Nik jakin dakit geroko hori ez dagoana, jakin dakit geroko bizitzarik ez dagoana. Gainera, horixe baieztatzen dabe zientzialariek.”

Ez ete da larregi jakitea? Ez ete da holakorik jakitea zientziaren arlotik at edo kanpo dagoan gaia? Ez ete dagoz bai goi mailako zientzialari fedebakoak baina baita goi mailako zientzialari fededunak be?
Baita fededunon artean be sekulako jakitunak doguz: “Nik jakin dakit betiko bizitza dagoana, ez dagoana betiko hiltzerik eta ezerrezean geratzerik.”

Ba, nahi dabena esango dabe bateko edo besteko “jakitunok”, baina benetan inork jakin ezin lei jakin ez bata ez bestea.

Batzuek, arrazoi batzuekaitik, geroko bizitzarik ez dagoanaren susmoa izan leikie. Hori bai. Baina, jakin?
Eta besteok geroko horren itxaropena izan geinke, gure zoria ezin dala izan hain baltza uste izan geinke, bizitzaren baikortasunean sinistu geinke, geroko bizitzarik onenaren uste osoa izan geinke, munduan horren zantzuak edo aztarrenak ikusi geinkez, baten batengan konfiantza osoa izan geinke, horrek dakarren bizi-poza izan geinke.

Baina, jakin? Ez horixe. Sinistu, itxaron… edo ez sinistu, ez itxaron? Hori bai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!