Denpora, hegaz

Mutikotan, maiatzetik aurrera batez be, luze eta amaitu ezineko egiten jakuzan egunak, oporrak noiz helduko ete ziran. Noiz helduko ete da oporretako lehenengo eguna? Nik ez neban bete soldadutzarako legea, baina nire lagunengandik dakit, soldadutza amaitzeko egozala, hilabete bi edo lehenago hasten zirala gelen hormetan-eta jartzen, ez bakarrik zenbat egun, baita zenbat ordu eta minutu geratzen jakezan be. Eta luze egiten jaken egoera hori.

 Misterioa da, bere alderdi guztiei begira, denporea zer dan. Aristoteles baino askoz lehenagotik hasi eta gaur egunera arteko bururik argienek jardun dabe denpora zer dan aztertzen. Amaibako zerrenda jarri leiteke. Eta zelako gauza sakonak eta bitxiak esan dabezan denporari buruz! Beste milaka hausnarketen artean, honako sailkapena be egin dabe batzuek:  munduaren denpora, denpora historikoa eta denpora sikologikoa. Azken honi buruz, zer esan? Honako hau bai behintzat: alde ikaragarria dagoala umetatik zahartzarora. Beste horrenbesteko aldea, edo handiagoa, atseginez dagoanaren eta minez dagoanaren artekoa. Orain urtebete jazo zana lehengo aste batean jazotakotzat jotzen dogu zaharrok. Orain hamar urtekoa, orain urte bi jazo zala uste dogu. Gazte askok entzutez be ozta-ozta ezagutu leikien berrogei urteko diktadura sasoia, guretzat herenegun bertan bizi izandakoa da. Hemengo eta munduko gerra ikaragarriak be, lehengo batean gertatutakotzat doguz. Abiada ezbardineko erlojuak ete doguz, ba? Edo, baita, atseginez gagozanean erloju bat eta minez gagozanean beste bat?  Adinean zenbat eta nagusiago, zorabiatzekoa da bizitzak hartzen dauan abiadura. Hegaz doala dirudi. Eta gelditzeko galgarik ez. Hausnarketa gai asko emoten deuskuz denporak, sikologikoa deritxonak batez be.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!