Nork egin dau gehiago herriaren alde, nork gizartearen alde, nork gure hizkuntzaren alde, nork behartsuen alde, nork era bateko edo besteko erakundearen alde?
Agintariek daben aginpidea izateak neurtu ezinezko erraztasuna emoten deutse beharrizanean diranak hondamenditik ataratzeko edo laguntza emoteko behintzat.
Aberatsek, dirua erruz daukienek, ia ahaleginik egin barik eta nekerik txikiena leporatu barik, egin leikie estu eta larri dagoana egoera onean jartzea, edo baita herriarentzat onura asko ekartzea be.
Orduan, aberatsek edo ahalmena dabenek egiten dabe gehien herriaren, preminan dagozanen… besteen alde?
Nork egiten dau gehiago, jateko lain ez dabenen alde: janari ugaria erosteko ondo betetako zorrotik emon dauan aberatsak ala diru askorik emon barik bere denpora eta bere eskulantxoa eskeintzen dituanak?
Itaun bera egin geinke beste arlo guztietan: Nork egiten dau gehiago?
Niri behintzat argitasuntxoa emon deuste orain bi mila urte gerkeraz baina hebertar tankeraz idatzi eben idazle bik, Lukasek eta Markosek, hain zuzen be: “Begira egoala, aberats batzuk ikusi zituan Jesusek tenpluko dirutegian limosna botatzen. Ikusi eban emakume alargun behartsu bat be txanpon bi botatzen, eta esan eban: “Alargun behartsu honek beste guztiek baino gehiago bota dau”.