Hitanoka eta agur mingotsa

Atsegin jat benetan hitanoka entzutea. Adurrak urteten deust hori jazotzen danean. Nagusi askok zelako erraztasunez erabiltzen daben, eta baita, oraindino, herri txiki batzuetan, hain nagusi ez diranek ere.


Begiak itxita ere badakizu entzuten dauana emakume ala gizakume dan, etxekotasun lako bat dagoala… Aberatsa da, ezbai barik, nire ustez behintzat, hizketako era hori.

Lagun bategaz baino gehiagogaz egiten dot hika, nahiz eta ez izan nik erraztasun larregirik eta nahiko traketsa izan. Behin ere egin ez dodana, ostera, noka erabiltzea da. Emakume guztiekin zuka jarduten dot beti.

Gauza guztietan salbuespenak izaten diranez, honetan ere salbuespena, bat bakarra, izan da nire jardunean. Ni baino zati bat gazteagoa zan neskatila jator bat hika egiten hasi jatan. Bidezkoa zanez, neu ere noka hasi nintxakon, nahiz eta zailtasun apur bategaz.

Baina, azken aldietan, inoiz alkar ikusten bagenduan, ohitura horregaz ahaztuta egoalako edo nigan erraztasun larregirik ikusten ez ebalako, zuka egitera igaro zan.

Lehengora pasatzeko esateko nengoan hurrengoan ikusiko nebanean, baina ezin izan da izan.

Lur jota eta negarrez itzi ditu ez etxekoak bakarrik, bai hainbat eta hainbat adiskide, ikasle, lagun… Bilbo aldean bizi izan dan Arrazolako Belen Olaetxea Unzuetaren heriotzak. Zer eta zenbat galdu daben hainbestek eta baita gure kulturak eta hizkuntzak ere.

Lerro txatxar honeek hartu egizan, Belen, omenaldi apalena lez. Hire eta nire fedeak hauxe esatera bultzatzen naion: Egun Handira arte! Orduantxe ikusiko jonau danok alkar, zoriontasun betean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!