Baina, antza denez, aurtengo udan okerra ere okerra izan da nire eta zuon guztion iritzi hori.
Berezkoa, bidezkoa… Gorrotoa izatea, bestea izutzea, umeak, emakumeak, zibilak eta gudariak hiltzea, bizilekuak apurtzea, hiriak hondatzea, besteena kiskaltzea, negar eragitea, etsipena sortzea, bizipoza ezabatzea...
Jakina ba! Baldintza bat ez badot, behartuta nago horretarako. Hainbeste kostatako eta hain makala den su-etena dugu baldintza hori.
Zelan egongo naiz, ba, katutxoa banaiz, lehoiari zirririk egin barik, nahiz eta gero horrek nire herrikideentzako zer dakarren jakin? Baina su-etenik ezak behartzen nau!
Eta lehoi guztiz ahaltsua naizenez, zelan egongo naiz ba sarraskirik egin barik, anbulantziak erasotu barik, eskola eta ospitaleak bonbardatu barik, alargun eta umezurtz mordoa egin barik, eskuetan su-eten sakratua ez badut? Ezin dut! Ezinezkoa zait! Beharrezkoa dut, ezinbestekoa dut, bizi nadin gura ez duen katutxoari ahal den kalterik handiena egitea!
Noraino heldu garen! Salbuespen bihurtu da bakean bizi izatea, etenbako su-etena izatea. Egunerokoa, normala bihurtu da sua eta garra, eta giza-zapaltzea, besteak eta besteena hondatzea…
Horrelakorik! Udako amets txarra, baina ez lotan izandako ametseta, jazotakoa eta gertatutakoa dugulako. Sinestu ete daiteke gizakien artean horrelakorik izan daitekenik XXI. mende honetan? Sinesgaitza izan arren, egia dugu, tamalez.
Zoroetxea? Zoromundua?
Eta beste guztiok, ahalmena duenak eta ahalmenik ez dugunok, zer?