Esaera zahar ugari doguz euskaldunok. Aberatsak ei gara horretan. Izenburuan jarri dodana da euretariko bat, lehen askotan entzuten zana, esangura bera dauen beste honegaz batera: Kanpoan uso, etxean bela.
- Hori bai hori gizona! Ausarta, abegitsua, eskuzabala, laguntzeko beti prest dagoena… Hori bai hori emakumea! Goxoa, prestua, dotorea, baliotsua, mesedegilea, bihotz handikoa…
- Bazenki jakin! Zuk, azken baten, noizean behin bakarrik ikusten dozu. Egunero beragaz bizi behar bazendu, ez zenduke holakorik esango!
Zoritxarrez, bizitzak gehiegitan erakusten deusku esaera hori egiazkoa dela, eguneroko bizitzari egoki erantzuten deutsola, bizitzaren arlo eta esparru gehienetan erantzun ere. Zelango okerra izaten dan, behin baino gehiagotan, agirian agertzen jakunean oinarrituta, bati edo besteari buruz izaten dogun iritzia.
Garrantzitsua da, zer esanik ere ez, itxurea, agiria, azala… kanpoan ere uso izatea. Baina barruagaz, sakonagaz, bat egiten dauenean bakarrik izango da onuragarria eta onartzekoa.
Argi dago denok nahiago dogula uso etxean dana, uso kanpoan dana baino. Eta ez dogula gura kanpoan uso dana, kanpo eder dana, baina etxean bela dana, etxekalte dana.
Baekien gure aurretikoek zerbait bizitzari buruz.
Eta euren esaera labur eta esanguratsuekin, gure izaerak aztertzeko bide egokiak jarri euskuezan behin baino gehiagotan.